Baliarrainen Udazken kulturala ari dira egiten urriaren 20tik eta abenduaren 24ra bitarte antolatu dituzte jarduerak. Antolakuntzan aritu dira Josu Ozaita eta Amets Arteaga zinegotziak, baina herriko eragileen laguntza izan dutela ere nabarmendu dute. Azaroaren 10ean izango dute hurrengo ekimena, hain zuzen, Auzolangiltza dokumentalaren proiekzioa eta tertulia. Horrez gain, denetariko jarduerak ere antolatu dituzte datozen asteetarko, besteak beste, Eñaut Elorrietaren kontzertua azaroaren 18an, euskararen egunaren harira bakarrizketa maratoia abenduaren 2an eta bertako baserrietako ekoizleekin mahai ingurua eta produktuen dastaketa abenduaren 15ean.
Ozaita eta Arteaga zinegotziek nabarmendu dute «garrantzitsua» dela herrian kultur ekimenak antolatzea: «Gure apustua da herrian kultura aktibo bat edukitzea. Garrantzitsua da, horrek aukera ematen digulako herritarren artean kulturaz hausnartzeko, ikasteko eta gozatzeko».
Era berean, aipatu dute jardueretako batzuk «herrira begira» antolatu badituzte ere, gogoan izan dutela ekimenak antolatzea kanpotik jendea erakartzeko: «Kanpora joan beharrean kulturaz gozatzeko aukera herrian bertan izatea aberasgarria da. Gainera, kanpotik jendea etortzeak ematen dio herriari halako prestigio moduko bat». Azaldu dutenez, egitarauan denetariko jarduerak biltzen saiatu dira, helburu izanik «adin eta publiko ezberdinetako» herritarrak erakartzea.
UDAZKEN KULTURALA
- Azaroaren 10a, ostirala
- Auzolangiltza dokumentalaren proiekzioa eta tertulia. 19:00.
- Azaroaren 18a, larunbata
- Eñaut Elorrietaren kontzertua. 19:00.
- Azaroaren 25a, larunbata
- Bazkaria elkartean.
- Abenduaren 2a, ostirala
- Euskararen egunaren harira bakarrizketa maratoia Zartagin. 18:00.
- Abenduaren 3a, igandea
- Gazteentzako plana.
- Abenduaren 15a, ostirala
- Mahai ingurua eta produktuen dastaketa: XXI. mendeko baserriak: Argaia Goena, Loidi eta Larreta baserriekin. 18:30.
- Abenduaren 20a, asteazkena
- Irakurle taldearen saioa, gaia: Eraikuntzarako materiala.
- Abenduaren 24a, igandea
- Kantu eskea eta Olentzero.