Partida guztiak irabazi ondoren, Suedian jokatuko den azken faserako sailkatu ziren. Zozketa egin da, eta B multzoan egokitu zaio Espainiako selekzioari, eta aurkari Portugal, Polonia eta Belgika izango ditu.
Zer moduz joan da Europako Txapelketara sailkatzeko bigarren fasea?
Egia esan, oso ondo joan da. Partida guztiak irabaztea zen helburua, bestela hurrengo fasera ez ginen pasatzen. Helburuak betetzeak esperientzia bera ere hobea egiten du, eta talde giroarekin eta orokorrean oso gustura egon naiz.
Zer sentitzen duzu lehenengoak geratzeagatik?
Ez genituen aurkari errazak, batez ere bertako taldea, Herbehereak. Beti goialdean ibiltzen den selekzioa da, eta beraien aurka normala da urduritasuna izatea. Azkeneko partida jokatu genuen beraien kontra, eta hor jokatzen genuen hurrengo fasera pasako ginen ala ez. Irabazteak eta lehenengo geratzeak hurrengo faserako atea ireki zizkigun, eta oso pozik horregatik.
Suediara joango zarete orain. Gogoz zaude?
Oraindik ez dakit Suediara joango naizen, hainbat gauza gertatu daitezkeelako hurrengo deialdira arte. Baina joaten banaiz, gogotsu eta irabazteko esperantzarekin joango gara.
Zein aurreikuspen egiten duzu Europako Txapelketarako?
Dagoeneko multzoak jarri dituzte, eta azken fasea denez, geroz eta maila altuagoa dago, eta geroz eta zailagoa izango da beste selekzioei irabaztea. Baina selekzio hau beti ibili izan da lehenengo postuetan, eta aurten ere maila ona emango duela espero dut.