Aurten, Tolosa bosgarren aldiz bilakatu da okelaren erdigune, eta bigarrengoz, Euskadiko autore-hanburgesen lehiaketa ospatu dute Zerkausian. Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Harakinen Elkarteek antolatu dute ekitaldia, eta bertan, bi kategori ezberdinetako –hanburgesa tradizionala eta hanburgesa berritzailea– hanburgesa onenak zein harategik ekoitzi dituen jakin da.
Parte hartzea handia izan da, 54 hautagai izan baitira lehiaketan; 29 gipuzkoar, 11 arabar eta 14 bizkaitar. Hanburgesa Tradizional Onenaren saria eraman du Gasteizko Beñat Harategiak. Bigarren eta hirugarren postuan, berriz, Gasteizko Santi Harategia eta Ibarrako Joxe Mari Barriola Harategia sailkatu dira.
Hanburgesa Berritzaile Onenaren kategorian, berriz, Usurbilgo Patxi Iparragirreren Otar Goxo Harategiak eraman du lehen saria. Bigarren Tolosako Miren Harategia sailkatu da, eta hirugarren pstuan Gasteizko Mari Harategia geratu da.
Foodtruck gunea
Festarako tartea ere izan da Zumarditxikian. Hainbat foodtrucken proposamen gastronomiko goxoenez dastatzeko aukera izateaz gain, kontzertuak ere izan dira bertan, eta gaur azkenekoz izango da martxan. Petti eta Lilo taldeen zuzeneko musikak girotu du gunea goizean, eta herritar ugari izan da bertan.