Irulegin eta Murillo de Gallegon auzolandegi itxiak antolatu ditu Tolosako Udalak, lehenengoz

Tolosaldeko Ataria 2024ko mai. 6a, 11:58

Irulegi aztarnategia, atzean herrian eta aurrean gaztelua. ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA

Astebeteko egonaldian zehar, indusketa lanak eta abentura ekintzak uztartuko dituzte 15 eta 18 urte bitarteko gazteek, Aranzadi Zientzia elkartearekin elkarlanean. Maiatzaren 17ra arte egongo da izena emateko aukera, udalaren webgunean.

Tolosako Udalak 60.000 euro bideratuko ditu udan haur eta nerabeen aisialdirako ekintzak antolatzera, parte hartze bidezko aurrekontuen aldaketak medio. Hiru zatitan banatuko da partida hori: Tolosan egingo diren auzolandegien eskaintza indartzera, auzolandegi itxiak antolatzera eta herrian antolatzen diren ludotekek elkarrekin ekintza bateratuak egitera.

Aurten, lehen aldiz, auzolandegi itxiak antolatu ditu udalak, 15 eta 18 urte bitarteko gazteentzat, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean. Astebeteko iraupena duen egonaldia egingo dute gazteek, uztailaren 1etik 7ra, eta auzolana eta abentura ekintzak uztartuko dituzte. Natura eta kultura uztartzeaz gain, auzolanaren bitartez kultur ondarea eta herri nortasuna lantzea izango dira eskaintza honen helburu nagusiak.

Lehen bi egunak Ilundaingo ostatuan igaroko dituzte, eta Irulegin indusketa lanak egiteko aukera izango dute Aranzadiko lantaldearekin batera. Astearte iluntzean Murillo de Gallegora joko dute, eta bertako kanpin batean hartuko dute ostatu ondorengo egunetan. Bertan daudela, besteak beste, San Juan de La Peñara eta Loarreko gaztelura bisita gidatuak eta askotariko abentura ekintzak egingo dituzte.

Izen ematea dagoeneko abian da, eta maiatzaren 17an amaituko da epea. Udalaren webgunean dagoen galdetegi baten bidez egin ahal izango da. Leku kopurua baino izen emate eskaera gehiago baleude, zozketa bidez esleituko dira. Behin esleipena eginda, lekua duten horiek bakarrik behin betiko erregistroa egin beharko dute UDATEn edo egoitza elektronikoan. Egonaldiaren prezio publikoa hilabete honetako osoko bilkuran onartuko da, baina laguneko 120 euro ingurukoa izatea aurreikusten da.

Zalantzak argitzeko, edo izen emate prozesuan laguntzeko, Gazteria Sailarekin harremanetan jarri beharko da, 688 740 164 telefono zenbakira deituta edo gazteria@tolosa.eus helbidera idatzita. Dena den, izena ematen duten gazteen gurasoekin bilera informatiboa egingo du aurrerago udalak.

Arrakasta, herrian

Gazte Topaguneak eta udalak elkarlanean ingurumenari lotutako auzolandegiak antolatu ohi dituzte. Aurten, eskaintza hori gehiago osatu du udalak, eta auzolandegi artistikoa ere antolatu du, muralak margotzen ikasteko. Apirilean zehar egin da bi aukeretarako izen ematea; arrakastatsua izan da, gainera, guztira lau talde osatu baitira. Ingurumenaren inguruko auzolandegietan 35 gaztek eman dute izena; artistikoan, berriz, 18k.

Ludotekak, batera

Udako ekintzen artean, herrian antolatzen diren ludoteka taldeekin elkarlanean ekintza bateratuak antolatuko ditu udalak. Guztiak elkartuz harreman sarea indartzea izango da helburua. Hiru ikastetxeetako ordezkariak eta aisialdi taldeak jada eskaintza hori osatzeko lanean dabiltza, udal ordezkariekin batera, eta xehetasun guztiak aurrerago emango dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!