Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak bertso eskolekin elkarlanean Gelatik Plazara ekimena antolatu du eta Asteasu-Villabonako taldea izan da aurtengo Gipuzkoako txapelduna. Nora Larrañagak, Ane Olaetxeak, Ekhi Alvarezek eta Eñaut Otañok osatu dute taldea.
14 urtez azpiko ikasleei jendaurrean trebatzeko aukera eskaintzeko aisialdiko ekimena da Gelatik Plazara. Bertsoarekin gozatzeko gune bat izan dute bertso eskoletako gaztetxoek eta Eskolarteko txapelketara iritsi aurretik plazarako zubi lana egiten laguntzea da asmoa. Horrekin batera, tokian tokiko bertso eskolak saio berean elkartuta ikasleek elkar ezagutzeko aukera izan dute.
3-4 lagunez osatutako taldeetan, guztira 170 ikasle inguruk hartu dute parte saioetan. Debako Kurtzebarri eskolan egin zuten finala igande goizean, eta esan bezala, Asteasu-Villabonako taldea izan da Gipuzkoako txapelduna.